XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oraindik zazpi taldek bere azken obrak aurkeztu behar dituzte.

Eibarko Antzerki Ihardunaldien XIII. edizioa erdialdera heldu da

Orain aste bi hasitako Eibarko Antzerki Ihardunaldien XIII. edizioak aurrera darrai arrakasta paregabea lortu duelarik.

Jadanik zazpi taldek beren azken obren berri eman dute, baina oraindik beste horrenbeste talde faltatzen dira.

Egun hauetan hiru talde euskaldun izango dira, Tanttaka, Gaspar Book eta Ama, begira zazu.

Valladolid-etik, Bertrolt Brecht-en obra batekin, La quimera de plástico taldea ere izango da egunotan.

Eibarko Antzerki Ihardunaldien barnean, gaur Tanttaka talde gipuzkoarrak Flaminio: Comedia musical eskainiko du arratseko zortzi t`erdietan Hezkuntza Konplexuan.

Flaminio XVIII. mendeko saloi opera da, komedia musikal arina, bere autoreak definitu zuen bezala.

Antzezlanen %50a testu dramatikoa da, Italiar artearen berezko Komedia arau dibertigarrien arabera emandakoa.

Eskenaratzeari dagokionez, taldeak XVIII. mendeko errekurtso batetaz baliatzen da: pertsonaia bakoitza aktore eta abeslari bihurtzen da.

Horrela, antzerki jolas dibertigarria lortzen dute, eta, era berean, antzezte maila profesionala bermatzen dute.

Flaminio, Pergolesi-ren azken obra ez da antzeztua izan 1736. urtean lehen aldiz aurkeztu zenez geroztik.

Tanttaka orain dela zazpi urte sortu zen, eta epe honetan zazpi obra aurkeztu ditu, bakarrizketak, haurrentzako antzerkia eta abar.

Gaspar Book Ia hamabi urte daramatza Tarima taldeak antzerki munduan, eta jadanik hamalau obra antzeztu ditu.

Gaspar Bookekin gaur egun kulturak jasaten duen merkatalizazioari kritika gogor bat egin nahi diote, bai eta lan eta ekoizleen sakralizazio akritikoari ere.

Gaspar Book obraren pertsonaia nagusia da.

Pertsonaia atipiko eta arlotea da, liburuekin ohi ez bezalako harreman biziatua mantentzen duena: txikitatik liburuak miresten ditu bere geometria eta beste ezaugarri batzuengatik, baina ez beren erabilera potentzialagatik, hau da, irakurriak izan daitezkeen objetu gisa; harek funtzio hau gorrotatu egiten du.

Ama, begira zazu Ama, begira zazu taldearen eta aurkezten duten obraren izena da, talde hau obra hau antzesteko jaio bait zen.

Talde honen xedea normalean antzerkia iristen ez den lekuetara heltzea da, herri txikietara hain zuzen, baina lanaren kalitatea jeitsi gabe, eskenografia eta gainontzekoak herri horiek dituzten lokalen neurri eta ezaugarrietara egokituz.

Testuak herri hizkuntzan idatziak dira.

Eguneroko konflikto xeheak eta arruntak aurkezten dira, pertsonaiak idazterakoan benetako pertsonak izan baitira gogoan hartu direnak.

Umorea da, bestalde, bata bestearen arteko lotura eta estiloa markatzen duena, euskal saineteaz mintzatu gaitezkeelarik.

Gidoia taldeko bi emakumeek idatzita dago, eta hauen ikuspegi ezohizkoa eransten dio orain arte egindako antzerkiari.

La quimera de plástico Talde valladolidar honek Bertolt Brecht-en Santa Juana de los mataderos obra eskainiko du martxoaren 21ean.

Estatutik datorren talde hau 1982. urtean sortu zen, zortzi urte hauetan seirehun emanaldi baino gehiago egin dituztelarik.